Sigi-sagaka ibili ginen izenarekin. Mugikorra jalgi zen lehenik plazara. Batzuek, ordea, gaztelaniaren kalko agerikoegia iruditu eta eramangarria proposatu zuten, frantsesezko portable-tik hartuta. Sakelakoa ere erabili genuen bolada batean, egokiagoa zelakoan. Noizbait norbaitek erabaki zuen lehengora itzuli beharra zegoela. Beraz, mugikorra berriz, itxuraz behin betiko, deus behin betikoa bada gure hizkuntzaren finkapenean. Sega-poto lagunartekoa ere irudipena dut baztertuxea dagoela. Nik hasieran ez nuen halakorik nahi. Mendira bakarrik joateko ohitura ez-gomendagarriak behartu ninduen deabruaren asmakizunari amore ematera. Gaur egun, mendian ez ezik, etxean, karrikan, autobusean, itxaron-gelan eta are komunan ere ateratzen dut. Babesgabe sentitzen naiz oharkabean hura gabe munduratzen naizen aldi bakanetan. Lagungarria zait, dudarik ez, baina denbora-galgarria eta isolagarria ere bai. Ez nau, gainera, sobera kontsolatzen nire adikzioa bertze batzuena baino arinagoa dela jakiteak. Gauza guti dago deprimigarriagorik 16 urteko mutil talde bat kalean ikustea baino elkarri deus erran gabe, bakoitza bere mugikorrari emana. Gero eta gazteagotan egiten ditugu zorioneko tramankuluaren jabe. Bakea ematen dute eta gurasoak lasaiago ibiltzen dira. Lasaikerian ere bai. Pornoa, jazarpena, sozializazio eza, pantailarekiko mendekotasuna, harreman osasungaitzak… kalteak onurak baino gehiago ez ote diren, aspaldi zebilen hotsa. Ikerketek kezkatuenei arrazoia eman arte ez da alarma piztu. Orain, mugikorra eskuratzeko adina ahalik eta gehien berandutzeko eta gazteei haren erabilera mugatzeko antolatzen ari dira, han eta hemen, aita-ama asaldatuak. Ez dira guztiak kolore bakarrekoak. Ez dituzte denek arrazoi berak. Haiei laguntzeko bidea da gu ere eredu izatea. Helduen eskuetan ere mugikorrak benetan sakelakoa beharko du izan, denentzat eramangarria izan dadin.

QOSHE - Zorioneko tramankulua - Aingeru Epaltza
menu_open
Columnists Actual . Favourites . Archive
We use cookies to provide some features and experiences in QOSHE

More information  .  Close
Aa Aa Aa
- A +

Zorioneko tramankulua

4 0
28.11.2023

Sigi-sagaka ibili ginen izenarekin. Mugikorra jalgi zen lehenik plazara. Batzuek, ordea, gaztelaniaren kalko agerikoegia iruditu eta eramangarria proposatu zuten, frantsesezko portable-tik hartuta. Sakelakoa ere erabili genuen bolada batean, egokiagoa zelakoan. Noizbait norbaitek erabaki zuen lehengora itzuli beharra zegoela. Beraz, mugikorra berriz, itxuraz behin betiko, deus behin betikoa bada gure hizkuntzaren finkapenean. Sega-poto lagunartekoa ere irudipena........

© Noticias de Álava


Get it on Google Play