Aspaldiko partidurik makalena jokatu eban Athleticek Nuevo Mirandillan eta Ernesto Valverdek norgehiagoka amaitu ostean adierazi eban moduan, ez dau leku berezirik izango klubaren historian. Lau egun lehenago, ostera, zuri-gorriek partidu bikaina, gogoangarria jokatu eben Bartzelonaren aurka San Mamesen kopa txapelketako final laurenetako kanporaketan. Alde itzela egon da bien artean baina eskutik lotuta dagoz. Athleticeko jokalariek gorputz eta arima ipini eben bedartzan bosgarren urtez jarraian –nabarmentzeko modukoa da– kopako final aurrekoetan sartzeko. Indar erakustaldi horrek, baina, albo-kalteak ekarri ditu eta Valverderen gizonak euren maila onena erakustetik urrun geratu ziran liga txapelketako partiduan. Ez da zuri-gorrien kontua bakarrik izan. Izan be, kopako final aurrekoak jokatuko dabezan lau taldeetatik batek bakarrik, Atletico de Madridek, lortu eban garaipena ligako partiduan. Athleticek ez eban galdu eta irabazi ez arren be, sailkapeneko goialdean segiduten dau eta kopako finalaren atarian dago.

Ia aste bete igaro da Athleticek Bartzelona kanporatu ebanetik kopa txapelketan baina autortu behar dot gogo gehiago daukadala partidu horretaz idazteko Cadizen aurkako ikuskizun aspergarriaz baino. Nuevo Mirandillatik atara geinken barri positibo bakarra Yeray Alvarezen itzulerea da. Neguko fitxajea dala esan geinke. Izan be, haregaitik edo honegaitik, Barakaldoko atzelaria luzaroan egon da taldetik kanpo. Sendo agertu zan defentsa lanetan eta Valverdek esan eban moduan, gehiago lagundu leuskio taldeari baloia atzetik atarateko orduan.

Aurreko eguaztenean Katedralean bizi izan genduana ez dogu sekula ahaztuko. Zuri-gorriak indartsu hasi ziran eta markagailuan aurreratu arren, aurkariak irauli egin eban partidua atsedenaldira 1-2 joateko. Blaugranen bigarren golak min itzela egin eutson Valverderen taldeari eta ezinean ibili zan lehen zatiaren azken ordu laurenean. Partiduak ez eukan itxura onik, Athleticek ez ebalako gaitasunik erakutsi markagailuari bueltea emoteko. Valverdek hordagoa bota eban, Mikel Vesga titularra kendu eta Unai Gomez Etxebarria gaztea zelairatuta. Ganera, ez eban betiko lekuan kokatu, aurrelariaren atzetik, zelai erdian baino, jokoa antolatzeko erantzunkizuna emonda. Ausart jokatu eban Valverdek baina hogei urteko gaztearen aldeko apostuak saria jaso eban. Izan be, Unai Gomezek aldatu egin eban partiduaren norabidea. Gorputz eta arimea baino gehiago ipini ebazan bedartzan eta handik ordubetera aldaketea eskatu behar izan eban, leher eginda. Hori gitxi balitz, Gomezen amorruak kutsatu egin ebazan taldekideak.

Unai kendu eta Mikel Jauregizar Alboniga, hogei urteko beste mutil bat aukeratu eban Valverdek zelai erdirako kanporaketea erabagi barik egoanean luzapenaren bigarren zatirako. Jaurek ondo baino hobeto baliatu eban entrenatzaileak emondako aukerea eta erabakigarria izan zan zuri-gorriek luzapenean sartutako gol bietan. Irabaztea garrantzitsua bada, are gehiago irabazteko modua, Lezaman hazi eta hezitako mutilen eskutik. Esan beharrik ez dago bermiotarrok harro baino harroago gagozala Unai eta Mikel, Mikel eta Unai egiten dabilzana ikusita.

Eta gau gogoangarrien denporaldia ez da amaitu, datorren otsailaren 29an beste hitzordu erakargarri bat dogu San Mamesen Atletico de Madriden aurka. Horren aurretik, baina, Mallorca, Atletico, Almeria, Girona eta Betisen aurkako partiduak datoz. Gozatu daigun.

QOSHE - Albo-kalteak - Ramon Basaldua
menu_open
Columnists Actual . Favourites . Archive
We use cookies to provide some features and experiences in QOSHE

More information  .  Close
Aa Aa Aa
- A +

Albo-kalteak

7 0
30.01.2024

Aspaldiko partidurik makalena jokatu eban Athleticek Nuevo Mirandillan eta Ernesto Valverdek norgehiagoka amaitu ostean adierazi eban moduan, ez dau leku berezirik izango klubaren historian. Lau egun lehenago, ostera, zuri-gorriek partidu bikaina, gogoangarria jokatu eben Bartzelonaren aurka San Mamesen kopa txapelketako final laurenetako kanporaketan. Alde itzela egon da bien artean baina eskutik lotuta dagoz. Athleticeko jokalariek gorputz eta arima ipini eben bedartzan bosgarren urtez jarraian –nabarmentzeko modukoa da– kopako final aurrekoetan sartzeko. Indar erakustaldi horrek, baina, albo-kalteak ekarri ditu eta Valverderen gizonak euren maila onena erakustetik urrun geratu ziran liga txapelketako partiduan. Ez da zuri-gorrien kontua bakarrik izan. Izan be, kopako final aurrekoak jokatuko dabezan lau taldeetatik batek bakarrik,........

© Deia


Get it on Google Play