Kirol kafetegia |
Erabaki txikiek komunitate handia eraikitzen dute. Europako iparraldeko kirol pabiloi askotan gelatxo bat dute hainbat mahai, eserleku eta kafetera batekin. Elkarte gastronomikoen antzera, handik dabiltzan gurasoak dira mantentzearen arduradun. Dena zegoen moduan uzteko arduradunak, alegia. Kolstadeko (Norvegia) pabiloian horrelako gelatxoa dago, eta Bidasoak partida bezperako entrenamendua egin aurretik, gazte talde batek pistaren bi herenetan lan egiten duen bitartean, azken herena haurrez beteta dago. Jolas askean, gurasoak gelatxoan dauden bitartean. Danimarkan antzera bizi dira. Nikolaj Jacobsen hautatzailea: “Ezer egiterik ez duenean, semea Svedborgeko kirol pabiloira doa eta zazpi ordu eman ditzake han lagunekin, korrikan, entrenatzen, jolasean, partidak ikusten… Denetarik”. Alemaniak inbidiaz begiratzen die: atezainaren baimenik gabe ezin kirol pabiloietan sartu! Bock auf Handball aldizkari alemaniarrean irakurritako erreportaje hau datorkit burura Irungo egoera ikustean. Bi kiroldegiak kafetegi zerbitzurik gabe daude. Ezta kafe gelarik. Are gehiago, eraiki zenean aurreikusi ziren handitze lanak ahaztuta diruditenean, Azken Portuko kiroldegiko kafetegia gimnasio bihurtu dute. Beharrek itotako erabaki txiki, garaion adierazgarri.