Handietan handiena

Euskal poetak izan daitezke onak, oso onak edo Gandiaga». Juan Mari Lekuona euskaltzain eta olerkariaren hitz hauek agerian uzten dute Bitoriano Gandiaga poeta handiaren eta ... hark euskal olerkigintzari egindako ekarpenaren dimentsioa. «XX. mendeko bigarren zatian euskarak izan duen poeta onartua, handietan handia», idatzi zuen Lekuonak berak Euskaltzaindiak hari eskainitako azken agurrean. Larunbat honetan 25 urte beteko dira poeta eta ohorezko euskaltzaina zendu zenetik eta txoko honetara haren lanaren lagin txiki bat bederen ekartzeko aukera ezin genuen galdu.

Bitoriano Gandiaga Mendatako Orbelaun baserrian jaio zen 1928an. Hamaika urte zituela Arantzazura joan zen ikasle, eta 1954an apaiztu. Hantxe topatu zuen bere poesia garatzeko testuingururik aproposena. «Bere pertsonaren eta bere obraren esentzia hitz bakar batean laburbiltzen ausartuko nintzateke: gizatasuna», nabarmendu zuen bizikide, lankide eta adiskide izan zuen Iñaki Beristainenek.

Sei poema liburu utzi zizkigun Gandiagak, bizitzako aro desberdinetan idatziak. 'Elorri', lehena, izan zen sonarik handiena eman ziona, sarituena, eta egileak berak ere libururik beteena zela iritzi zuen. Joxe Azurmendik sailkatu zituen 'Elorri' osatzen duten 80 poematxoak, bizi esperientziaren ingurukoak, eta lehen edizioaren hitzaurrea aita Luis Villasantek idatzi zuen. Elorria, bizitzako sinbolo nagusi gisa. Hementxe han jasotako poemetako bat.

«Zarpil... / geure bizitz zarpilla letz, / zarpil elorria, / bere betiko samin zaarraren, / bere karraxia. / Arkaitzean, / geure bizitz zarpilla letz, / bigurri ta nabar, / arrats-beerako laru aurrean, / lander eta bakar. / Lander eta bakar, / zarpil, bere biziko zarraski, / milla naigabek ondamendua, / ez lora bat et'ez orri, / etsi, t'ezin etsi, / lakar t'errukarri, / apal ta urratu, joran ta larri, / arkaitzeko antsi, / samin zaarraren betiko erpe / tartean, bigurri, / neguko elorri, / gorri ta laborri, / geure bizitza zarpilla legez, / zarpil maitagarri».

Jorge Oteizarekin izandako adiskidetasuna erabakigarria izan zen gero 'Hiru gizon bakarka' bigarren lana argitaratzeko, eta askok oroimenean dugun hauxe utzi zigun: «Tiriki, tauki, tauki, / mailuaren hotsa. / Tiriki, tauki, tauki, / mailuaren hotsa. / Hamasei harri lantzen / ari da Oteitza. / Ai, oi, ai, / ari da Oteitza. / Tiriki, tauki, tauki, / mailuaren hotsa. / Tiriki, tauki, tauki, / mailuaren hotsa. / Mailua penazkoa / harria gau beltza. / Ai, oi, ai / harria gau beltza».

Urteurrenaren harira, 2026ko Arantzazuko horma-egutegiak Gandiaga omendu nahi izan du, eta hilabete bakoitza haren olerkiekin jantzitako argazki batekin dator. Urtarrila joan bada ere, urtea luzea da eta bada oraindik hartaz gozatzeko aukera.

Límite de sesiones alcanzadas

El acceso al contenido Premium está abierto por cortesía del establecimiento donde te encuentras, pero ahora mismo hay demasiados usuarios conectados a las vez.

Por favor, inténtalo pasados unos minutos.

Al iniciar sesión desde un dispositivo distinto, por seguridad, se cerró la última sesión en este.

Para continuar disfrutando de su suscripción digital, inicie sesión en este dispositivo.

¿Tienes una suscripción? Inicia sesión


© El Diario Vasco