Montesquieu
Legearen nagusitasunean eta botereen banaketan oinarrituta dagoen demokrazia eta zuzenbide estatu bat existitzeko, ezinbesteko baldintza da subiranotasun nazionalak ematen duen zilegitasuna. Eta hori herriarengan, hiritarrengan, dago soilik, eta beraz herriarengandik eta hiritarrengandik sortzen dira, edo sortu beharko lirateke behintzat, estatuko botere guzti horiek. Hori eta horrela baieztatzen du José Antonio Martín Pallínek, Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko magistratu emerituak eta fiskalak; GGEEn, epaileen independentziaren eta berme konstituzionalen defentsan beti nabarmendu den gizona. Baita GGEE aldeko Espainiako Elkarteko presidentea, Fiskalen Batasun Progresista eta Demokraziarako Epaileen bozeramailea ere… beste gauza oso on askoren artean, bai hemen baita Europan zehar ere. Horrela dio “Epaiaren zain” izenburua duen bere azken liburuan, siglo veintiuno argitaletxearen eskutik plazaratua izan zena ihaz bertan. Erlijiora, baita Bibliara ere jotzen du hasierako gogoeta bati ekiteko asmoz. Luze jotzen du, baina nire uste apalean, guztiz era interesgarrian alajaina, honela dio:
Herri subiranotasunaren konkistak ibai odoltsuak kostatu zaizkio gizateriari. Hammurabiren Kode ospetsuan ere irakur daiteke: “Ni Hammurabi naiz, artzaina, Enlil jainkoaren aukeratua, oparotasuna, ongizatea eta aberastasuna pilatzen dituena”, boterea jainkoek ematen baitzuten. Subiranotasunaren kontzepzio erlijiosoak monarkarengan Jainkoaren irudia ikusten du: Jainkoak bezala, mundua gobernatzen du, aldi berean Estatua gobernatzen duen bitartean. Biblian aurkitzen ditugu Jainkoarengandik eratorritako botere politikoaren subiranotasunaren jatorria justifikatzen dituzten pasarteak: “Nire bidez erregeek agintzen dute, eta printzeek justizia erabakitzen dute; nire bidez agintariek agintzen dute, eta nobleek epaitzen dute lurra” (Proverbios 8,15-16).........
